Brasilgo geografia

Brasilgo geografia
Brasilgo mapa topografikoa
Brasilgo mapa topografikoa
Eremua
Osoa 8.515.767 km²
Lehorra 8.460.415 km²
Ura 55.352 km²
Latitudea 10°0' S
Longitudea 55°0'W
Mugak
Argentina 1.263 km
Bolivia 3.403 km
Guyana 1.308 km
Guyana Frantsesa 649 km
Kolonbia 1.790 km
Paraguai 1.371 km
Peru 2.659 km
Surinam 515 km
Uruguai 1.050 km
Venezuela 2.137 km
Itsas erreklamazioak
Ondoko eremua 24 itsas milia
Ekonomia-eremu esklusiboa 200 itsas milia
Jurisdikziopeko urak 12 itsas milia
Muturreko garaierak
Puntu beherena 0 m (Ozeano Atlantikoa)
Puntu gorena 2.994 m (Pico da Neblina)

Brasil Hego Amerikako ekialdeko estatua da. Iparraldean Venezuela, Guyana, Surinam, Guyana Frantsesa eta Ozeano Atlantikoarekin du muga, ekialdean Ozeano Atlantikoarekin, hegoaldean Uruguairekin, mendebaldean Argentina, Paraguai, Bolivia eta Perurekin, eta ipar-mendebaldean Kolonbiarekin; beraz Hego Amerikako estatu guztiekin du muga, Txile eta Ekuadorrekin izan ezik. Atlantikoko uhartedi batzuk ere hartzen ditu, hala nola, Fernando de Noronha, Atol das Rocas, Done Petri eta Done Paulo eta Trindade eta Martim Vaz. 8.515.767 kilometro koadroko eremua dauka[1].

Erliebea

Hiru alde nagusi bereiz daitezke Brasilen:

  • Brasilgo goi-lautada goi-ordoki zabala da, 300-900 metro bitarteko garaiera hartzen duena, mendilerroez zeharkatua eta ibarrez hautsia. Serra da Mantiqueira, Serra do Mar eta Serra Geral dira mendilerro nagusiak. Ez dira oso mendi garaiak, 1.200 metro gehienez ere, baina 2.000 metrotik gorako tontorren bat edo beste ere bada Serra da Mantiqueiran (Pedra da Mina, 2.798 m) eta Serra do Maren (Pico Maior de Friburgo, 2.366 m).
  • Amazonasen arroa herrialdeko lurraldearen heren bat baino gehiago hartzen du. Lur behereak dira (150 m batez beste), zingirak eta urpean geratzen diren eremu zabalak gehienbat. Arroaren parte handi bat oihan hezea da, munduko baso eremu osoaren zazpiren bat. Oihanean barneratzeko zailtasuna dela eta, eremu zabalak ez dira orain dela gutxi arte esploratu.
  • Amazonas arroaren iparraldean beste mendialde bat dago, Guyanetako ezkutuaren barruan: Serra do Tumucumaque, Serra do Acaraí (906 m), Serra Parima (2.727 m). Mendialde horretan, Serra do Imeri mendikatean eta Venezuelarekiko mugan dago Brasilgo tontorrik garaiena, Pico da Neblina (3.014 m).

Hidrografia

Zazpi ibai arro nagusi daude:

  • Amazonasen arroa. Munduko handiena da. Brasilgo eremuaren erdia baino gehiago hartzeaz gain, Bolivia, Peru, Kolonbia, Guyana, Surinam eta Guyana Frantsesan hedaturik dago. Amazonas ibaiak 3.770 kilometro egiten ditu Iquitos (Peru) eta itsasoa bitartean, eta ontziz egin daitezke guztiak. Içá, Japurá, Negro eta Trombetas dira eskuinaldeko adar nagusiak, eta Juruá, Purus, Madeira, Tapajós eta Xingu ezkerraldekoak.
  • Rio de la Plataren arroa. Brasil, Uruguai, Bolivia, Paraguai eta Argentinan hedatua, Paraná, Paraguai eta Uruguai ibaien arroak hartzen ditu. Ibai batzuek jauzi handiak egiten dituzte (Iguazuko ur-jauziak, adibidez) eta munduko indarretxe sare handiena osatzen dute.
  • Tocantins-Araguaiaren arroa.
  • São Franciscoren arroa.
  • Ipar-ekialdeko arroak. Garrantzitsuena Parnaíba ibaia da.
  • Ekialdeko arroa. Pardo, Jequitinhonha eta Mucuri dira ibairik handienak.
  • Hego-ekialde eta hegoaldeko arroak. Ribeira de Iguape, Itajaí, Jacuí eta Camacuã dira aipagarrienak.

Klima

Brasilgo klimak, Köppen klima sailkapenaren arabera

Sei klima eremu nagusi bereizten dira Brasilen[2]:

  • Klima ekuatoriala (Af): Amazonian, Mato Grossotik iparraldera eta Maranhãotik mendebaldera. Beroa eta hezea da. Urteko batez besteko tenperatura 24 °C eta 26 °C artekoa da, eta prezipitazioa 2.000 mm-tik gorakoa (3.000 mm-tik gorakoa eskualde batzuetan), ongi banatua urte guztian.
  • Klima tropikala: herrialdearen erdialdean, Bahia eta Minas Geraisen mendebaldea, Piauíren zati handiena eta Maranhãoren ekialdea hartuz. Horrelako klima dago iparraldeko Roraima estatuan ere. Bi urtaro daude: uda beroa eta euritsua, eta negu epela eta lehorra. Urteko batez besteko tenperatura 20 °C eta 28 °C artekoa izaten da; neguan, ekaina eta uztailean batez ere, tenperatura apalena 12 °C-16 °C arteraino jaisten da. Urteko prezipitazioa 1.500 mm ingurukoa da, baina asko aldatzen da eskualde batzuetatik besteetara (500-2.000 mm).
  • Mendialdeko klima tropikala (Cwa): Brasilgo goi-lautadako eskualderik garaienetan, São Paulo, Minas Gerais, Rio de Janeiro eta Espírito Santo estatuetan. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C eta 24 °C artekoa izaten da; neguan maiz botatzen du izotza, fronte hotzen eraginez. Uda euritsua da.
  • Klima tropikal hezea: Ozeano Atlantikoaren bazterrean, Rio Grande do Nortetik São Pauloren ekialdeko muturreraino. Beroa (batez besteko tenperatura 18 °C eta 26 °C artekoa) eta euritsua urte osoan.
  • Klima subtropikal hezea (Cfa) eta klima ozeaniko epela (Cfb): Kaprikornio tropikotik hegoaldera, hots, São Pauloren hegoaldea, Paraná, Santa Catarina, Rio Grande do Sul eta Mato Grosso do Sulen hegoaldeko muturra. Lau urtaro daude, uda beroa da, eta negua hotza. Urteko batez besteko tenperatura 14 °C eta 22 °C artekoa izaten da (10 °C mendialdean), eta prezipitazioa 1.250 eta 2.000 mm artekoa.
  • Klima erdi-agorra (BSh): Região Nordesteren barnealdean, Alagoas, Bahia, Ceará, Minas Gerais, Paraíba, Pernambuco, Piauí, Rio Grande do Norte eta Sergipe estatuetan. Tenperatura altuak (urteko batez bestekoa 27 °C ingurukoa) eta prezipitazio urriak (500-750 mm urtean) izaten dira.

Ingurumena

Amazoniako baso galera handia dela eta, arrisku handian dago bertako animalia eta landare askoren bizilekua. Rio de Janeiro, Sao Paulo eta beste hiri handi batzuetan kutsadura arazoak daude. Meatzaritzak ere uraren kutsadura dakar zenbait lekutan.

Datu orokorrak

Amazoniaren ikuspegia, Amazonas estatua
Pedra da Mina (2.798 m), Serra da Mantiqueirako gailurra, São Paulo
Iguazuko ur-jauziak, Paraná
Praia do Muro Alto, Ipojuca, Pernambuco

Kokapena: Hego Amerikako ekialdean, ekuatoreak zeharkaturik, Ozeano Atlantikoaren ertzean[1].

Koordenatu geografikoak:

10°00′S 55°00′W / 10.000°S 55.000°W / -10.000; -55.000

Azalera:

  • osoa: 8.515.767 km²
  • lehorra: 8.460.415 km²
  • ura: 55.352 km²

Herrialdearen mugak:

denetara: 16.145 km

Erresuma mugakideak:

Itsasbazterra: 7.491 km

Muturreko garaierak:

  • puntu beherena: Ozeano Atlantikoa, 0 m
  • puntu gorena: Pico da Neblina 2.994 m

Baliabide naturalak: bauxita, urrea, burdina, manganesoa, nikela, fosfatoak, platinoa, eztainua, lur arraroak, uranioa, petrolioa, hidroelektrizitatea, egurra

Lurren erabilera: (2011)

  • nekazaritza-lurrak: %32,9
  • basoak: %61,9
  • beste: %5,2

Lur ureztatua: (2012) 54.000 km²

Arrisku naturalak: Lehorteak ipar-ekialdean, uholdeak, eta batzuetan izotzaldiak, hegoaldean.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/01/14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
  1. a b CIA-The World Factbook: Brazil. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-1-14).
  2. Climates that occur in Brazil. brcactaceae.org (Noiz kontsultatua: 2017-1-14).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1771875
  • Commonscat Multimedia: Geography of Brazil / Q1771875

  • Wd Datuak: Q1771875
  • Commonscat Multimedia: Geography of Brazil / Q1771875